BERRIAK

LURPEKO HISTORIA, MEMORIAREN ZUBIA.

Berria :

Hobian aurkitu dugun gorpua zure osabarena da’. Pentsatu zer den dei hori jasotzea familia batentzat». Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta antropologoak azaldu du zer den dei hori egitea. Familia baten historia lotzen duen komunikazio hori. «Informazio horren zain dauden arren, esperantza ikaragarria izanda ere, esaten diezunean lurrikara positibo bat da».

Herrastik hamalau urteko lana du bizkarrean familia oroimenak lotzen, eta, horien bitartez, memoria historikoa berreskuratzen. 2000. urtean hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea jardun horietan, eta horixe izan dute mintzagai asteon EHUko Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldeak Gasteizen antolatutako kongresuan: 36ko Gerraren Arkeologia. 2000. urtean Priaranza del Bierzora (Leon, Espainia) joan ziren, gonbidatuta. Hasieran «indusketa normal bat» zen horretan, fusilatutako pertsonak topatu zituzten; horrek beste indusketa bat ekarri zuen, gero beste bat… «Olatua handitu egin zen, gaur egunera arte. Hamalau urteko perspektibarekin, hobietan eginiko lanaren garrantziaz jabetzen ari gara».

2000an Priaranza del Bierzon egindako indusketetatik gaur egunera arte ia 400 hobi ireki dituzte Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian. Irizpide zientifikoen arabera lan egiten dute taldeek, eta 6.000 gorpu baino gehiago berreskuratu dituzte. Herrastik aitortu du oraindik gutxi direla. Baltasar Garzon epaileak 130.000 desagertu inguru zerrendatu zituen. Dena den, hamalau urtean egindako lana gertatzen denaren erakusgarri da. «Hobien mapak adierazten du benetan gertatu zena, leku guztietan, bereizi gabe, eta biztanleria zibilaren aurka».

Auzitara jotzeko frogak

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta haren modukoen lana ez da familien oroimena berreskuratzeko lanean geratzen. Indusketetan irizpide zientifikoen arabera eskuratutako informazioa froga modura erabil daiteke auzitegietan. «Nor den, zer gertatu zitzaion, eta nola hil zuten aztertzen dugu; horiek ebidentziak dira, eta balioko lukete edozein tokitan froga bezala».

Lurperatutako oroimena berreskuratzeko prozesua familietan hasten da funtsean. Zalantzak argitzean, dokumentazio lanaren garrantzia nabarmendu du. Besteak beste, 2004tik 2006ra artean Ferrolgo Artxibo Militarrean (Galizia) Euskal Herriko 55.000 pertsonaren txostenekin lan egin zuten. Hainbatetan, desagerrarazitako pertsonei buruzko informazio guztia aurkitu zuten; beste batzuetan, informazio lausoagoa. «Askorentzat nahikoa da jakitea egia dela etxean kontatu zietena: kanpotik emandako datu batek historia erreala bihur dezake sutondoko istorio bat zena».

Familien bidez berreskuratutako oroimenaz gain, herrienaz ere mintzatu da Herrasti. Tolosa, Lemoa, Azpeitia… zenbait udalerrik egitasmoak martxan jarri dituzte ildo horretan, lekukotasunak biltzeko. «Oso zaila da kanpotik lortzea, baina, udalerritik bertatik abiarazitako ekinbideen bidez, memoriaren puzzlea osatuz joango gara». Oroimena berreskuratzeaz gain, horretaz jabetzeak duen balioa azpimarratu du.

Lan horiek bultzatzeko premia nabarmendu du Herrastik, batez ere testigantzak biltzeko. «Berandu gabiltza; garai hura ezagutu zuten azken-azkenekoak bizirik daude, eta orain egiten ez dena…, akabo». Lan horri lehentasuna emateko eskatu du, eta inoiz mahai gainean jarritako bestelako egitasmoak atzeratzeko; senideak bilatzeko datu base genetikoa, kasu. «Egitasmo hori aurrera ateratzea oso zaila da, eta inoiz ez litzateke osoa izango».

Halaber, Herrastik zehaztu du 1936ko gerraren edota frankismoaren biktimen senideekin duten tratua askotarikoa dela, buru beste aburu baitaude. «Albisteak tripak mugiarazten dizkie; batzuek onera hartzen dute, baina, beste batzuetan, egoera nahasi bat oker dezake».

Erakundeetan, alde handia

«Ez dago alderatzerik; beste erkidegoen konpromisoa lekutan dago». Eusko Jaurlaritzaren jarrera txalotu du Herrastik; EAJren zein PSE-EEren ardurapean egonda ere «erantzukizun izugarria» izan dutelako. Laguntza ekonomikoa emateaz gain konpromiso politikoa ere agertu dutela nabarmendu du, hobiak irekitze orduan ordezkari zuzenak egon baitira, dela Eusko Jaurlaritza, direla aldundiak, edota EHU bera. «Konpromisoa dago, eta hori ez da beste inon gertatzen».

Nafarroako Gobernuaren egoera bestelakoa da. «Ez du zuzeneko konpromisorik hartu; ez du eragozpenik jarri, eta hori garrantzitsua da, baina ez du bultzatu hobiak irekitzeko prozesua». Elkarteek egin dute haren lana.

Espainiako egoera, aldiz, «basamortua» dela iritzi dio Herrastik; ez soilik agintari politikoen partetik, baita sindikatuetako ordezkarien partetik ere. Euskal Herrian ere gertatu izan da UGT edota CNTko kide izateagatik hil zituzten pertsonak hobitik ateratzeko orduan sindikatuotako ordezkaririk ez egotea. «Politikariez hitz egin dezakegu, baina sindikatuak ere oso epel dabiltza».

Share This:

Laisser un commentaire

Votre adresse de messagerie ne sera pas publiée.


*


Time limit is exhausted. Please reload the CAPTCHA.

Attention, les commandes ne peuvent pas être de moins de 5 € Rejeter