BERRIAK

Iheslariekin elkartasun sarea hedatzen.

Ekialde Hurbilean gerlan diren herrialdeetatik ihes egiten duten jendeei harrera emateko, Europako beste herri batzuen gisara, Euskal Herriko hainbat hautetsik beren herria « elkartasun sarean » sartu dute. Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohitzune eta Bokale dira ekimenarekin bat egin du dute azken herriak.

12

Ipar Euskal Herrian, Atharratzeko, Biarritzeko eta Hendaiako auzapezek Ekialde Hurbileko iheslariekin elkartasunez beren herria « elkartasun sarearen » barne jarri ondoan, Bokalek eta Donibane Lohitzunek erabaki bera hartu dutela adierazi dute.

Irailaren 9an, Herri Berri taldeari erantzunez, Donibane Lohizune errefuxiatuen harrera herria izanen dela adierazi du Peyuco Duhart auzapezak. Bere « diru eta material ahalen arabera, Siriako errefuxiatuen errezebitzeko [Estatu frantseseko] maila nazionaleko ahaldeginekin bat egiteko prest » dela baieztatu du.

Gisa berean, Bokaleko auzapez den Francis Gonzalezek duela bi egun Christophe Martin eta Pierre Favraud hautetsi sozialistek helarazitako mezuari baikorki erantzun dio. « Ezin dugu iheslari horiei harrerarik ez eman », bere iritziz. Gainera, Gonzalezek gogorarazi du jarrera hori ez dela berrikuntza bat herriarendako, baizik eta ohidura bat. « Beste garai batzuetan ere iheslari andana bat egon da Bokaleko herrian, ene aita bera iheslaria da », adierazi du.
Mugak eta zailasunak

Ekialde Hurbileko etorkinei harrera eman behar zaiela ez dute zalantzan jartzen, haatik, iritzi horren gauzatzeko mugak eta zailasunak ere nabarmendu dituzte auzapezek. Gonzalesen arabera « Bokalek ez du harrera egoki baten emateko gaitasunik, hauek prefeturarekin zehaztu beharko dira, Estatuak ematen dituen baldintzen arabera ».

Donibane Lohitzunekoak, gisa berean, soilik « Estatu, hautetsien elkarte eta hiriguneen arteko baliabide antolatu eta partekatuak » finkatuz gauzatuko zituela erabakiak jakinarazi du. Alabaina, harreraren baldintzak Pirinio Atlantikoetako prefetarekin definituak izanen zirela zehaztu du.

Hain zuzen ere, irailaren 12an, Bernard Cazeneuve Barne Ministroak elkartasun sarean diren herrietako hautetsiak bilkura batera deitu ditu, denen artean iheslarien harrera baldintzak eztabaidatu zein adostu ditzaten.

Source: kazeta info

Share This:

Attention, les commandes ne peuvent pas être de moins de 5 € Rejeter